2014(e)ko azaroaren 10(a), astelehena

Hamabost herrik osatzen dute Baztan; hamabost ikastola daude Nafarroan; eta 2015. urtean antolatuko du Baztango Ikastolak hurrengo Nafarroa Oinez jaia. Hamabortz, ama bat leloa izango du festak; ama hizkuntza baten inguruan bilduko baitira. Ikurra, berriz, oin bat izango da; urratsez urrats ari direlako bidea egiten. Euskarari bultzada emateko elkartuko dira Baztanen, hamabortzak.


Gogotsu hartu du erronka Baztango Ikastolak. Ikastolaren ibilbidean «mugarri garrantzitsua» izango da jaia, Iosune Ortega Baztan Ikastolako zuzendariaren ustez, eta «harrotasunez» hartu dute Nafarroa Oinez 2015 antolatzeko ardura. Ikastola handitzen ari dela azaldu du; hala ere, haren iritziz, ibilbidea ez da xamurra izan, eta oztopo anitz izan dituzte: «Ezin ahaztu halabeharrez herriko barrakoian, frontoian, plazan eta ohiz kanpoko ordutegietan hartutako eskalak». Bigarren aldiz antolatuko dute festa; 1982an egin zuten lehen aldiz.

Ikastetxeko instalazioak egokitzeko beharra dute, Elena Zabaleta ikastolako lehendakariak azaldu duenez: «Ezinbestekoa da». Helburu apalak ezarri dituzte, antolatzaileen iritziz: jangela handitu nahi dute, kanpoaldean aterpe bat eraiki, ikasgela kopurua handitu, eta eraikinaren isolamendua hobetu. Egun, 201 ikasle ditu ikastolak, eta 122 familiak eta hamalau irakaslek osatzen dute.

Arrakasta, Zangozan

Zangozako Ikastolak antolatu du aurten Nafarroa Oinez festa, urriaren 19an. Balorazioa egin dute jada, eta, ikastolaren iritziz, «perfektua» izan da. «Egin genituen aurreikuspenak gainditu ditugu; espero genuen baino jende gehiago bertaratu zen», azaldu du Leire Rebole Zangozako ikastolako zuzendariak. Eguraldia alde izan zutela gaineratu du, eta ekintzetako parte hartzea oso handia izan zela. Ikastolak duen zorra kitatzeko baliatu nahi zuten lortutako dirua. Eta helburua guztiz bete ez arren, zorra leuntzen lagunduko die lortutakoak. Laguntza ekonomikoa lortzeaz gain, Nafarroa Oinez-ak indarra ere eman die lanean jarraitzeko: «Oso garrantzitsua izan da ikastolarentzat».

BERRIA egunkaria

iruzkinik ez: