2010(e)ko urriaren 17(a), igandea

Nafarroa Oinez: Omenaldia: Carlos Cid, hitzaldia


OSO MODERNOAK GARA

Carlos Cid


Lehenengo eta behin, Euskal Herritik kanpoko unibertsitateetan euskara eta euskal kultura irakasten ditugunok esker beroenak ematen dizkiogu, bihotz-bihotzez, Paz de Ziganda Ikastolari omenaldi hunkigarri honengatik.

Euskara mundu zabaleko unibertsitateen plazara jalgi da, eta ez da kasualitatea: bost kontinenteetan ohartu gara hizkuntza eder honen garrantziaz, eta garrantzi hori jakinarazi nahi diogu munduari gure lan apalaren bidez.

Euskara Euskal Herriko hiri eta herrixketako plazetara ere jalgiz doa pixkanaka pixkanaka, eta ez da kasualitatea: hainbat eta hainbat euskal herritar (ez denak, zoritxarrez) ohartu dira euskarak beren nortasun indibidual eta kolektiboaren eraikuntzan duen garrantziaz, eta gizarte eleanitzaren aldeko apustua egin dute, gogotsu egin ere. Ikastoletako irakasleen lana eta Varsoviako edo Tokyoko unibertsitateko euskara eta euskal kulturako irakaslearena kate bereko bi kate maila dira. Barku banatan daude, baina portu berera doaz. Besteak beste, ikastolei esker euskarak bizirik dirau, eguneroko komunikazio tresna da, bizia da, eraginkorra da, erakargarria da. Euskara hilik balego ere, bere tokia izango luke unibertsitateetan, baina latinarekin batera, greko zaharrarekin batera, hau da, hizkuntza hilen konpainia noblean. Badira euskarari patu hori opa diotenak, aitortuz edo aitortu gabe. Badira elebakartasunaren aldekoak (lotsaren lotsaz ez dute aitortzen, baina badira), batez ere ele bakar hori euren ama hizkuntza baldin bada. Baina hori jarrera zaharra da, antigoalekoa. Eleaniztasuna, ordea, oso modernoa da. Batez ere hizkuntza txiki eta handien artean bereizkeriarik egiten ez duen eleaniztasuna. Eta hemen gauden guztiok oso-oso modernoak garenez (begi bistakoa da hori), ikas ditzagun ahal adina hizkuntza eta ospa dezagun pozez gainezka Babelgo dorrean behiala gertatu zena.

iruzkinik ez: