2011(e)ko azaroaren 28(a), astelehena
Mendi talde gaztea Leurtzako tontorretan
Kazetaritza eta argazki lehiaketak
Badakizue, zuen argazkiek eta idatzlanek saria ere dakartela aurten. Utzi bulegoan edo bidali helbide honetara pziganda.bulego2@ikastola.net
Aldizkarian argiratuko dira hoberenak, eta sari berezia ere izanen da kurtso bukaeran.
Leurtzako ateraldia
Oso ongi joan zen igandeko ateraldia. Lehen eguna zen, jende berri franko, eta denak inoiz baino gogotsuagoak eta indartsuagoak.
Lehiaketa
Aurtengo mendi taldean berrikuntza nabarmen bat dago: lehiaketa. Hots, kurtso bukaeran kopak eta dominak banatuko direla gehien saiatu direnen artean. Bistan da akuilu ona izan dela, igotzea beharrezkoa ez zen tontorrera, Mugazorrotzera hain zuzen, denak joan zirelako berez, inork esan eta behartu gabe, puntu guztiak bereganatu ahal izateko.
Horrexegatik, ateraldira etorri ziren 37 mendizaleek jokoan zeuden 17.109 puntu lortu zituzten: 14.000 ibilbide osoa (gehi trikuharria eta Munazorrotz extrak) eta 3.109 puntu gehiago hiru tontorrak egiteagatik.
Ibilbidea
Mugazorrotz
Errepidea estua zenez, autobusa ezin izan zen igo aparkalekura eta horregatik gehixeago ibili behar izan genuen. Lehenengo uharka atzean utzi ondoren eta igelari egindako monumentua ikusi eta gero, eskuinera zihoan bidea hartu genuen Munazorrotzeraino. Bidean, ardiak, behorrak eta hainbat borda zeuden. Ataka batzuk gainditu behar izan genituen, eta iturri oparo baten ondotik pasa ginen. Aurkikuntza nabarmena ere egin genuen, ahari baten kaskahezurra, ibilbideko buruzagi, aho batez, bilakatu zena. Azkenean lepora iritsita eguneko erabakia hartu behar zen: Mugazorrotzera igo ala ez. Batzuk korrikan abiatu ziren, eta talde batek lepoan gelditzeko imintzioa egin zuen, baina gehienen gogoa ikusita, eta puntuak alferrik galdu behar zituztela iritzita, haiek ere goruntza abiatu ziren. Denok gaude beraz, hango argazkian.
Exkelarre eta Soratxipi
Ohartu gabe Exkelarreko tontortxoa egin genuen eta Soratxipin, tontor nagusian, gosaria egin genuen. Primeran egoten zen eguzkitan, eta bista ere mundiala zen. Pirinioak ekialdean, Iruñerriko mendiak hegoaldean, Aralar mendebaldean eta itsasoa iparraldean.
Historiaz betetako bidea
Soratxipitik jaitsita Karlos VIIak ibilitako bidea egin genuen. Espainiako errege izan nahi izan zuenak bide hau egin zuen 1875. urtean Orokietara bidean, non sekulako desastrea izan zuen. Bere ejerzitoak erabilitako galtzadaren gainetik ibili ginen gu ere.
Erlaingo gurutze lazgarria ere ikusi genuen. Lanzko bandido baten burua paratu zuten tokia, hain zuzen ere.
Lanzko bandidoek hantxe hil zuten Zufiarren izeneko Burundako mandazain bat, eta bandido hura urkatu zutenean, hara eraman zuten gaizkilearen burua, kaiola batean gordeta. Harrigarriena izan zen gure artean Lanzko bandido baten familiaren ondorengoa genuela eta historia krudelaren berri bazuela. Eta baietz, egia zela han gertatutakoa. Bildurgarria, benetan.
Hortik duela 4.000 urte egindako trikuharrira abiatu ginen, eta batzuk barreneraino sartu ziren eta hezurren bat aurkitu. Ez dakigu norenak eta zerenak.
Beherako zutarri edo menhir bat ikusi genuen. Lurrean botata zegoen, mugarri baten ondoan.
Urtegietan bazkaria
Urtegiko harrizko mahaietan bazkaldu genuen. Gustora, baina hozten hasi zenez, autobuserako bidea hartu genuen etxera itzultzeko.
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina