Urriaren 14tik 16ra, LH 4. mailako ikasle eta irakasleok Baratze Baserri-Eskolara irteera burutu genuen. Baserri hau Bizkaian topatu dezakegu, Gautegiz-Arteagan dagoen Basetxetas auzunean eta Urdaibai Babeslekuaren barnean. Ingurune paregabea da, itsasadarretik eta hondartzatik hurbil, animali eta landare ezberdinez inguraturik egoteaz gainera.
Howard Gardner-en Adimen Anitzen teorian oinarriturik, bai euskaraz eta baita ingelesez ere, hainbat ekintzatan parte hartu zuten gure ikasleek. Baserriko inguruetan, naturarekin zerikusia duten ekintzak egin zituzten, hots, baratzeko lanetan zein loregintzan trebatu, baita mendi ibilbide bat egin ere. Baserrian bertan, aldiz, animaliak ezagutzeko eta zaintzeko aukera izan zuten: zaldian ibili, animalia ezberdinak elikatu… Bestalde, eskulan ezberdinak burutu zituzten, hala nola, erleen argizariarekin eginiko kandelekin artelanak sortu zituzten eta sukaldaritzan duten trebezia madalenak eginez erakutsi zuten. Egunari amaiera emateko eta elkarbizitza ospatzeko, gauetan dantzaldi ederrak izan genituen.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina