2003(e)ko abenduaren 17(a), asteazkena

Nafarroako ikastolen hitzarmena

Nafarroako ikastolen hitzarmena dela-eta, une korapilatsuak izan ditugu Nafarroako ikastola guztietan. Uda partean hondoa jo eta gero, ikastolen ordezkariek onbideratu dute auzia alde sindikalarekin batera, oraindik ere konponduta ez badago ere. Abenduaren 4ean izandako ez ohiko batzarrean Paz de Zigandako juntakideek eta Nafarroako Ikastolen Elkartetik etorritako teknikariek gurasoen kezkak argitu zituzten.




Hau izan zen batzarreko gai ordena, hitzez hitz, eskaera idatzian zegoen bezala eta bertan eman ziren azalpenak:

1.- Kooperatibako langileekin sortu den lan gatazkaren inguruko informazioa jaso eta egoeraren zergatiak ezagutaraztea exijitzen dugu.

Historia luzeko kontua denez, 2008an, hasten zena, Txema Novalek zehatz-mehatz azaldu zuen nola garatu den gatazka, eta gogora ere ekarri zuen beti izaten dela zaila gisa honetako hitzarmen bat negoziatzea. Aurreko hitzarmenetan antzeko egoerak bizi izan direla eta azkenean konpondu egin dela.

Hitzarmenaren aurrekariak
-Nafarroako ikastolen hitzarmenari buruzko sarrera labur bat egin eta gero, esan zuen oso zaila dela izatea ikastola guztietarako hitzarmen orokor bat izatea 3 administrazio diferenteen pean daudelako.
-Hitzarmen berezia da Nafarroakoa, 7.000 ikasle eta 15 ikastetxe bakarrik izanda, hitzarmen propioa dutelako Nafarroako ikastolek. Ikastoletan dagoen gehiengo sindikala eta Nafarroan dagoena ere ez dira berberak.
-Soldatei dagokienez, Nafarroako Ikastolen hitzarmenak oinarrian dauka Estatuko hitzarmenak ezarritakoa. Horri gehitzen zaio batetik, Nafarroko Gobernuak ematen duena, eta bestetik familek ematen dutena.
Hitzarmenaren negoziazioak
Txema Novalek parte hartu du ikastolen hitzarmenen hainbat negoziaketatan azken 10 urteotan eta azpimarratu du negoziazioak izaten direla, alde batetik, Nafarroako Ikastolen Elkartetik, eta bestetik, ordezkaritza sindikala. Hots, ez da egiten ikastolaz ikastola. Ikastolen partetik mahaian esertzen dira bai zuzendaria, aholkularitza juridikoa eta lan gaietan eskarmentua duten kooperatibista batzuk; bestetik LAB sindikatua (%86) eta ELA.
Ondoren  gogoratu egiten ditu hitzarmenaren lorpenak eta baita ere batzuetan gatazka konplikatuak ezagutu egin dituela, azkenean konpondu egin zirenak.
2008-2010eko hitzarmenaren negoziazioa, berriz, lasia izan zela esan zuen, gutxienez inork espero ez zuena gertatu zen arte: funtzionarien soldatak beheratu ziren, eta murrizketak ezarri ziren ikastoletako irakasleei ordaintzen zitzaien ordainketa eskuordetuan.
Horri erantsi behar zaio lan legedian gertatuko aldaketak. Horien arabera, ikastolenak bezalako hitzarmenek indarra galtzen omen zuten 2013ko uztailaren zortzitik aurrera. Ultraktibitatearen bukaera zen.
Dena den, oraindik konpondu gabe dagoen gaia soldata-taulena da. Ikastolen helburua honako hau da: errokonozitu dadila irakasleen soldata Nafarroako Gobernuak ordaitzen duenaren araberakoa izatea, gehi familiek ekartzen duten dirua. Hau konponduta ez badago ere, jada hurrengo hitzarmena ere negoziatzen ari dira.

2.- Murgilduta gauden lan gatazka edo gatazken balorazio juridiko zehatza eskatzen dugu. Halaber, egoeraren azterketarako beharrezkoa den bestelako informazio ekonomiko, pedagogikoa edo antolamenduari dagokiona ezagutzea.

Iñigo Zabaltzak abokatuak, oraingo hitzarmena negoziatzen are den mahaiko kideak, eskatutako informazioa eman zuen. Lehendabizi euskaraz gatazka orokorraren berri ematen du, Novalek orain arte esandakoa bilduz.
Lan gatazkaren historia: 2010
Gatazkaren jatorria Nafarroako Gobernuak hezkuntza moduluei ezarri zien murrizteko alde bakarreko erabakia da. 2010ean %5ean murriztu zituen, 960.000 eurotako kostea dena ikastolentzat. Honi gehitu behar zaio 2012ko beste %2,5eko murrizketa.
Egoera horren aurrean ikastolek ezin diete aurre egin murrizketa horiei, baina bai lortzen dute lanpostuen galera ez izatea, ERErik ez izatea, eta langilerik ez kaleratzea. LABek gatazka kolektiboko demanda bat jarri zuen finkatutako azken soldata-taulak erreklamatuz. LABen aldeko epaia eman zuen Nafarroako gizarte epaitegiak, eta baita Nafarroako Epaitegiak ere. Orain auzia Epaitegi Gorenean dago. Azaldu ere egiten egoera hau balantzeetara eramatearen larria.
Langileen estatutuaren erreforma: ultraktibitatea
     Langileen estatutuaren erreformarekin hitzarmenaren marko juridikoa errotik aldatu zen lehenbizi 2012ko otsailean eta gero 2012ko uztailean.  2012ko uztaila baino lehen  hitzarmen baten negoziazioa bukatzen ez bazen, haren indarra itzali baino lehen automatikoki luzatzen zen. 2012ko uztailetik aurrera, bakarrik urte batez luzatzen zen aipatu hitzarmena denuntziatua eta datatik haratago joana bazen, Nafarroako ikastolen hitzarmenaren kasuan bezala.  Data horretatik aurrera hitzarmenak indarra galtzen zuen eta empresa-aldeak legokiokeen goragoko hitzarmena ezartzeko ahalmena zuen. Gure kasuan irakaskuntzaren estatuko hitzarmena.
Ikastolen hitzarmen kolektiboa: Nafarroako Ikastolen Federazioaren helburu estrategikoa  2013ko uztailean erabaki zen, soldatetan akordiorik ez zegoenez, ordaindu egin behar zela Nafarroako Gobernuak irakaskuntza zela-eta ordaintzen duen huraxe gehi familiek ordaintzen duten gehigarria (1.000.000 euro urtean, ikastola guztiak batera). Gainerakoa baldintzak 2008-2010 ikastolen hitzarmenak zioenaren arabera arautu behar ziren denbora muga abenduaren 31n ezarrita. LAB ez zegoen ados honekin eta bigarren gatazka kolektibo bat jarri zuen eta iragarri egin zuen ez zela berriz negoziatzeko mahaian eseriko aipatu egoera aldatu ezean.
             Azaroaren 4ean akordio batera iritsi zen non irakasleek kobratu behar zuten Nafarroako Gobernuak moduluetan ordaintzen duen huraxe gehi familiek ordaintzen duten gehigarria, beti ere hitzarmen berriak ezarriko lukeenaren zain, eta gainerako baldintzak ikastolen hitzarmenaren araberakoak izanen ziren; bere aldetik LABek bigarren gatazka kolektiboa kendu egiten zuen; eta Nafarroako Ikastolen Federazioak denbora muga guztiak ezabatzen zituen negoziazioek zirauten bitartean.
Egoera honen ondorio praktikoak
Epaia kontrakoa bada, 4.000.000 eurotako pasibo bat sor daiteke (ikastola guztiak batera). Azaroaren 4ko akordioak geldiarazi ditu gatazka judiziario gehienak.

3.- Gaur eguneko kooperatibaren egoeraren inguruko informazioa eskatzen dugu, 15d artikuluan oinarrituz.

Ángel Apezetxea, ikastolako gerentea, izan zen ikastolaren bilakaera ekonomikoaren berri eman zuena, beti urtean bi aldiz egiten dena, berak gogoratu zuenez, behin ekainean kooperatibaren kontuak aprobatzeko eta beste behin urtarrilean aurrekontuak aurkezteko eta egoeraren aurrerapen orokorra egiteko.  Oraingoan irailaren 30eko datuak dauzka eskura, eta azken hiru hilabeteen aurrerapen bat.
Diru sarrera-gastuak
Alderdi honetan emaitza onak espero dira maileguak beheranzko bidean daudelako eta oraindik batxilergoaren erakina ordaintzen ez garelako hasi, nahiz eta irailearko aurreikusi.
Hala ere Nafarroako Gobernuak ez du ordainduko agindutako 2012ko azken lauhilabeteri zegokiona, 114.000 eurotakoa zena.
Soldatak
    Nafarroako Gobernuak egindako murrizketek gure ikastolan duten oihartzuna 650.000 eurotakoa da (850 € familia)
    Azaldu egiten dira murrizketak nola ezarri diren langileen soldatetan (%5 2010ean, eta %2,5 joan den urtean, nahiz eta hau Paz de Zigandan lehen urtean ikastolako guztion artean aurre egin zitzaion. Aaurten jada soldatetan ezarri da, Nafarroako gainerako ikastoletan bezala).
Jantokia eta autobusak
Jantokiaren bilakaera eta onarpen onari buruz mintzatzen da eta autobus bat kendu izanak ekarri dituen arazoak eta hauek nola konpondu diren ikasturte honetan.
Batxilergoa
Itunari eusteko izan diren arazoak  azaltzen dira eta eraikinaren aurrerapena zertan den, urtarrilaren 8ko estrainaldiren berri emanez.

4.- Aipaturiko gaiaren inguruan NIEko ikuspegia ezagutu nahi dugu eta baita ere etorkizunari  begira emango diren neurrien ezagutza egoera lehenbailehen bideratzeko helburuarekin.

Azken puntu hau garatzeko, Nafarroako Ikastolen Zuzendaria,  Pello Mariñelarena, izan genuen gurekin. Ordura arte aipatutako puntu batzuk gogoratuz hasi zen, batez ere Nafarroako Gobernuaren erantzukina azpimarratuz.
Garrantzitsutzak  jo zuen  %2,5 ezarri izanak 50 langileren kaleratzea ekidin zuela ikastolen sarean. Hori heldu zen itundutako ikastetxe gehienek eta Nafarroako Gobernuak sinatutako akordiotik. Nafarroako ikastolak alde bazeunden ere, ez zuten sinatu hitzarmen propioa dugulako.
Inportantzia handikotzat ere hartu zuen Nafarroako Gobernuak ordainduko ez duen beste gastuak izeneko partida, 2012ko azken lau hilabetei zegokiena, oso eragin gaiztoa izan duelako ikastola gehienetan.
Nafarroako Gobernuak ezarritako murrizketek urteko 1.500.000 eurotako eragina dute gure ikastoletan, eta horri gehitu behar zaizkiola urteko familiek ordaintzen dugun  1.000.000 euroko gehigarria, eta kontutan hartu gabe ikastolen hitzarmenak berez dituen gastuak dauzkan eskubideak bermatze aldera.
Aintzat hartzekoa da haren ustez azken 7 urteetan langileek ez dutela erosteko ahalmenik galdu. Ikastolek berriz %29 galdu duten bitartean 2009tik.
Bukatzeko esan zuen lehen aldiz sindikatuek erabili dutela bide judiziarioa eta lehenengo aldiz ere hitzarmen propioa alde batera utzi behar izan dela estatukoa aintzat hartzeko. Dena den, bi aldeek helburu bera dute:  hitzarmen propioa eta ikastolen bideragarritasuna, eta gaur bertan horri buruzko bilera bat izan dutela.
Nafarroako ikastolak nafar hezkuntzaren hirugarren bidea gara, erabat diferentziatuak hainbat arrazoirengatik, hitzarmen propioarengatik esate baterako.
Agur esan baino lehen Txema Novalek urtetan Nafarroako ikastolen egindako lana eskertu zuen.

Galderak
Galderen txanda bi ordu eta erdiz luzatu zen eta haiei esker interesko hainbat puntu argitu ziren. Zalantza bat zen nola zitekeen gure ikastolan irabazietan egonda soldata murrizketak ezartzea langilegoari.  Erantzun garbia izan zen:  kontuetan ageri ziren irabaziak ez dira errealak, Nafarroa Oinezi dagozkio eta berehala gastatu behar da dena batxilergoaren eraikina ordaintzeko. Horrekin batera azpimarratu zen ohiko gastuei aurre egin behar zaiela ohiko diru-sarrekin eta inoiz ez direla oinarritu behar noizean behinkako sarrerekin, hala nola Nafarroa Oinezarekin eta antzekoekin.  

iruzkinik ez: