2009(e)ko apirilaren 22(a), asteazkena

LASTER ARTE SEE YOU




Duela ikasturte bat hasitako proiektuak aurrera jarraitzen du. Bigarren aldiz jaso ditu Paz de Ziganda ikastolak Washingtongo McNamara High School ikastetxeko ikasle eta irakasleak.


Ikasle Nafarrek irailean izan zuten aukera Washingtongo eguneroko bizitzan murgiltzeko, bertako ikasleen etxeetan egoteaz gain, institutuko klaseetan sartu ziren. Esperientzia ahaztezina izan zen hemendik joandako 24 ikasle eta 3 irakasleentzat. Bertan ikusi eta ikasitakoa etorkizunean baliagarria izango dela argi dago.

Baina orain gure herrialdeko ateak zabaltzeko aukera izan dute, 11 ikasle amerikar eta 2 irakasle haien etxeetan jaso eta Paz de Ziganda ikastolako geletara gonbidatu dituzte. Makina bat galdera egiteko eta jasotzeko aukera izateaz gain, gure kultura eta hizkuntzaren berri eman diegu, baita gure herrilade paregabearen paisaia eta txoko zoragarriak erakusteko ere.


Hamar egun ahaztezin izan dira bisitari zein bertakoentzat, bizi guztirako ahaztezina izango den esperientzia honek bere xarma guztia gordez. Euskal kultura eta hizkuntzaren berri gehiegi ez zuten arren, bihotzez transmititu zaien guztia gogoz jaso eta gorde dute. Ziur hemendik aurrera leihotxo bat irekia utzi dutela Euskal Herriko berriak ikusi eta entzun ahal izateko.


Momentu paregabeenetariko bat kidetze bazkaria izan zen, proiektuan parte hartu duten guraso, ikasle eta irakasleek ospatutako bazkarian elkartruke kulturala izan zen nagusi. Hainbat ikasle amerikarrek ongi menperatzen dituzten dantza afrikarren emanaldi inprobisatua eman zuten hemen hain maitatua den txalapartaren erritmora eta bide batez, erritmo bera erabiliz banakoa dantzatzen ikasteaz gain, denen aurrean dantzatu zuten. Ikasle euskaldunek bestetik bertako dantza pare eskeini zizkieten. Argi geratu zen dantza komunikatzeko modu unibertsala dela, denei elkar ezagutzeko aukera ematen duena eta irria zein poza errez sortzen duena.

iruzkinik ez: